XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AHATEA.- Txinan duela 4.000 urte inguru etxekotu zuten hegazti hau baina gurean, Hegoaldean behinik behin, ez du halako estimu ikaragarririk jaso gaur arte.

Antzararekin ere gauza bera.

Egia da Iparraldean oso bestela direla gauzak eta ahate edo antzararik gabeko sukaldaritzarik ezin dela buruan sartu ere egin.

Ahate eta antzara gizenduak, arto beratua eta, oso maiz, esne zopak jatera behartuak, antzara gaisotuak, gibeletik joak.

Horiexek izaten dira preziatuenak, beraien gibel handietatik ateratzen baita foie-a, munduan dauden jakien artean finenetako bat.

Aspaldiko kontua da abere hauen gainelikapena.

Egypton, Kristo aurretik 2.500garren urtean egindako zizelketa batean ageri dira esklabu batzuk ahateei jaten ematen.

Kontu zaharra, beraz.

Bularrari magret esaten zaio, hutsean edo izoztuta gordetzen da ia beti. Osorik erre eta xerratan zerbitzatzen da gehienetan, ardoz eta tipulaz egindako saltsaren batekin.

Oportoaren tankerako ardoak primeran doazkio horretarako.

Egoki etortzen zaizkio alboan pure gozoak ere, sagarra, gaztaina eta horrelakoak.

Urdaiazpiko tankeran ere ikus daiteke gaur egunean. Bere gantzetan egositako izter eta hegoari, ostera, confit esaten zaio.

Eginda erosten bada, oso erraza da gero prestatzen, nahikoa baitu labean edo zartaginean berotze hutsarekin eta norberak bere gustoko laguntza eta piper-hautsa jartzearekin.

Gabon inguruan, Iparraldean ez dago etxerik ahaterik jaten ez duenik.

Bertan edo apur bat goraxeago hazitako abereak izaten dira, Landetan edo Biarnon.

Erosteko garairik onena, ostera, Urtarrilaren erditik aurrera izaten da, demanda handia izan eta gero beti egiten baitu behera ahatea eta antzararen salneurriak.

Hala ere, foie erosteko asmotan bazoazte behintzat, astindu ederra emango diozue sakelari.

Merezi du baina.

Freskoa erosten baduzue, xerratu fin-fin, gatza eta piper-hautsa egin eta buelta eta buelta eman txapan edo zartagin oso bero batean.